Habanatik Dublinera

                                       Xabier Lete

    Berriro itzuliko balitz
    iragan denbora arrotza
    berdin kontsumi nezake
    banilla gozo artean,
    itsaso urrun batetan
    irudimena galdurik
    udaberriko euritan
    larrosak pizten ikusiz.

    Osaba komertzianterik
    ez nuen izan Habanan,
    pianorik ez zegoen
    bizi nintzen etxe hartan,
    neskatxen puntilla finak
    udako arratsaldetan,
    errosario santua
    neguko gela hotzean.

    Ezpainek gordetzen dute
    ezpain bustien gustoa
    desiozko hotzikaran
    etsipenaren tamalez,
    gaua zelatan dakusat
    kontzientzia bilutsik
    badoaz orduz geldiak
    gogorapenen hegalez.

    Jaio ginen, bizi gera
    ez dugu ezer eskatzen
    itsasontzia astiro
    kaiatik ari da urruntzen.
    Antillak zintzilik daude
    argazkien paretetan
    karta bat idatziko dut
    norbaitek erantzun dezan.

    Tabako, ron ta kanelaz
    girotutako arratsetan
    algarak entzuten ziren
    Habanako putetxetan,
    abanikodun mulatak
    gauari haize egiten
    musiken aide nagiek
    odola erretzen zuten.

    Jaio ginen, bizi gera
    ez dugu ezer eskatzen
    itsasontzia astiro
    kaiatik ari da urruntzen.
    Antillak zintzilik daude
    argazkien paretetan
    karta bat idatziko dut
    norbaitek erantzun dezan.

    2 comentarios:

    1. Tabako, ron ta kanelaz
      girotutako arratsetan
      algarak entzuten ziren
      Habanako putetxetan,
      Antillak zintzilik daude
      argazkien paretetan
      karta bat idatziko dut
      norbaitek erantzun dezan

      Agian zatirik sakonena...

      ResponderEliminar
    2. Sakonetan sakon, Lete
      Gipuzkoako bardoa,
      Gogora ekartzen dizkit:
      Gazta zaharra ta ardoa,
      Iragan aldiko jende
      Zaildutakoen aroa,
      Jende hitzetan laburra
      Nahiz kemenez oparoa.

      ResponderEliminar